Ozeano eta itsasoetako olatu oro, lurraren arnasketaren bihotzkadak dira, munduaren mugimendua sustatzen duen energia.

Mugimendua bizitza da, energia da. Mugimendurik ez duen hori hilda dagoela esaten dugu. Itsasoaren olatuak bizitzak duen mugimenduaren islada garbia dira; bizitza beraren baitan sortzen den bizitzaren adierazpen zehatza. Bi pertsona ez dira inoiz berdinak, ez eta bi olatu ere. Bakoitzak du nor bere energia, mugimendu eta kolorea. Pertsonen moduan, olatu bakoitza bere izatearen une garrantzitsuenaren protagonista baita; bere energia ematen duen unea, bizitzaren mugimendu etengabeari eusteko. Olatuak, ordea, kanpoan egoteaz gain, noberaren barnean ere badaude. Geure ozeanoetako olatuek haserretzen edo lasaitzen gaituzte, kolpatzen gaituzte edo bere bidean jarraitzen dute, loitzen edo garbitzen gaituzte, baina haien mugimentu etengabeak bizitzaz betetzen gaitu.

Ur gaziz inguratuta igarotzen ditugu gure bizitzako lehen hilabeteak. Haztean eta gauzen kontzientzia hartzen hasten garenean, ohartzen gara nola negar egitean geure barnetik ur gazia ateratzen den. Itsasoari begira, bakardadean eserita, olatuak aurrera eta atzera nola dabiltzan ikusi eta entzuteak, azaltzea zaila den bake eta lasaitasun sentsazioak pizten dizkigu barnean. Itsasoan bainatzeak baretzen gaitu, egunerokotasunetik aldendu, eta erabateko egoera lasai batetara eramaten gaitu. Baliteke gure barneko ura itsasoarekin bat egitean, eta energia unibertsal mugagabe haundiago batek biltzean, bere funtsezko egoerara itzultzea, jatorrira, gure barneko olatuak energia eta bakez betetako uhin txikietan bilakatuz. Baina hori ere ezingo nuke behar bezala azaldu.

Beraz, agian, guzti hau ulertu
nahi izateak galtzen gaitu,
eta gure barneko ozeanoan
ibiltzea oztopatzen; sentitu
eta barneruntz igeri egin
beharrean, eta bizitzaz gozatu
itsasoko olatuen moduan.
Agian soilik gure barneruntz
begiratzean datza, gure itsasoan
nabigatzea, gure olatuetan islatzea.
Gure barneko itsaso eta ozeanoak
lasai mantentzea. Olatu hoiek
sortzen dizkigun energiaz gozatzea,
eta eguzkia sentitu, haizea eta
itsasoa bera.

Maitatzea, eta gure barneko urari
bere bidean utzi, itsasoko olatu
eder bat baikinan bizitzeko.

Ph2otography